Ahozko galdera bat osoko bilkuran eta legez besteko proposamen bat Justizia Batzordean. Horiek izango dira Diputatuen Kongresuan eztabaidatuko diren Amaiurren azken bi ekimenak.

Asteartean, ekainaren 26an erregistratutako legez besteko proposamena defendatuko du Sabino Cuadrak. Argentinako justiziak auzipetu nahi dituen erregimen frankistari lotutako 17 pertsonak diktaduraren garaiko krimenengatik epaituak izan daitezen beharrezkoa den guztia egiteko eskatuko dio gobernuari.

“Gizateriaren kontrako krimenak egiteaz akusatuta dauden pertsonak ez babesteko esango diogu Espainiako Gobernuari. Horrekin batera, argi esango diogu guk badugula oroimen historikoa eta, beraz, oso ondo dakigula zein izan den bakoitzak urte askotan zehar izan duen erantzukizuna”, adierazi du Cuadrak.

Pentsioak

Asteazkenean, legealdi honetako azken osoko bilkuran, Rafa Larreina diputatuak pentsioei buruzko galdera egingo dio Espainiako Gobernuari: “Kontuan izanik Gizarte Segurantzako Erreserba Funtsa oso era kezkagarrian murriztu dela PPren gobernuak azken lau urte hauetan egin duen kudeaketaren ondorioz, gobernuak uste al du etorkizunean herritar guztiek pentsio duinak kobratzea bermatuko duela horrek?”.

Haren ustez, “ezin agerikoagoa da Espainiak ezin dituela bermatu euskal herritarren pentsioak eta, horregatik eta beste arrazoi batzuengatik, ezinbestekoa da Euskal Herriak bere burujabetza politiko eta ekonomikoa erabiltzea”.

@ehbilducongreso