Jon Iñarritu diputatuak defendatu du Euskal Herriko ogasunek zuzenean parte hartu behar dutela euskal herritarrei eragiten dieten gai fiskal eta ekonomikoak eztabaidatzen diren Europako Batasuneko foroetan.

Azken egunotan Estatuko hainbat lekutatik Euskal Herriko sistema fiskala zalantzan jarri duten ahotsei erreferentzia argia eginez, Iñarrituk esan du sistema hori ez dela “inolako pribilegioa, jatorrizko eskubidea baizik”.



Horri dagokionez, honela mintzatu da Iñarritu: “Gaur egun, 32 ogasun ditugu EBn: 28 estatutako ogasunak eta Hego Euskal Herriko 4 foru ogasunak. Euskal Herrikoak Estatuari atxikitako ogasuntzat hartzen dira eta Estatu ogasunek dituzten ahalmen berdinak dituzte, baina ECOFINen eta horrelako erakundeetan ezin dira gainerakoen maila berean ordezkaturik egon”.

Horregatik, diputatu soberanistak adierazi duenez, “haien parte hartzea ezin da mugatu lan bileretara gonbidatu gisa joatera; era zuzen eta aktiboan parte hartu behar dute eragiten dieten gai guztietan”.

PPk iragarri du Amaiurrek aurkeztutako legez besteko proposamenaren kontra bozkatuko duela. PSOEk abstentziora joko du.

@ehbilducongreso