Rafa Larreina diputatuak hitza hartu du Kolonbiako Kongresuko osoko bilkuran, hain zuzen, bake prozesuaz eztabaidatzen ari zirenean.

Rafa Larreinak EHBilduren babesa agertu dio Kolonbiako bake prozesuari eta egunez egun agertuko diren oztopoak gainditzearen beharra nabarmendu du “bakeak merezi duelako”. Larreinak euskal gatazka ere izan du hizpide eta Espainiako gobernuaren aurkako kritika zorrotzak jaurti ditu “Kolonbiako bake prozesua babesten duen bitartean, euskal gatazkaren konponbidean oztopoak jarri besterik ez duelako egiten”. Ildo horretan, euskal diputatuak adierazi du, justizia transnazionalaz La Habanan erdietsitako akordioak “bakea lortzeko oinarri sendoa direla”. “Akordio horiek beste gatazka batzuei ateak irekitzen dizkiete, euskal gatazkari adibidez”, esan du.

Bere interbentzioaren aurretik, Larreina Alderdi Liberaleko, Polo Demokratikoko eta Berdeak alderdiko kongresistekin batu da bake prozesuaz hitz egiteko.

La Guajira

Goizez, euskal diputatua Marcha Patrioticako arduradun nagusiekin batzartu zen. Bake prozesuaz gain, la Guajira eskualdeak bizi duen larrialdi egoeraz aritu ziren. Izan ere, enpresa transnazionalek “kalte handia egiten diote ingurumenari eta bertako herritarrei”. Wayw, afrokolonbiarrak eta baserritarrak dira kaltetuenak airearen eta uraren kutsaduragatik. “Enpresa transnazionalek gainera ez diote giza garapen orekatuari laguntzen, alderantziz, bazterketa soziala eta muturreko pobrezia handitzen ari dira eta dagoeneko, 8.000 haur hil dira goseak jota”, salatu du Larreinak.

@ehbilducongreso