Koalizio subiranista eta Espainiako barne ministroa, gutxienez, bi aldiz izango dira aurrez aurre. Ahozko bi galdera gobernuari, interpelazio bat eta errefuxiatuen egoerari buruzko konferentzia batek osatuko dute Amaiurren aste honetako agenda kongresuan eta senatuan. Eta Euskal Herritik milaka kilometrora, Rafa Larreina diputatua Kolonbian izango da aste osoan zehar bertako bake prozesuan eman diren urratsak ezagutzen.

Urko Aiartza senatariak Kolonbiako bake prozesuaz galdetuko dio bihar Espainiako barne ministroari. Aiartzak Alderdi Popularraren hipokresia nabarmenduko du. “Juan Manuel Santosen jarrera negoziatzaile eta eraikitzaileari babes osoa ematen dion bitartean, Euskal Herriko bake prozesua oztopatu besterik ez du egiten Alderdi Popularrak”, esan du.

Eta bihar ere bai, irailaren 29an, Alberto Unamunzaga senatariak erabakitze eskubideari buruzko interpelazioa egingo dio Espainiako gobernuari.

Eta asteazkenean, Jon Iñarrituk errefuxiatuek bizi duten egoerari buruzko goi mailako konferentzian hartuko du parte. Kongresuan egingo den jardunaldian GKE ugarik ere hartuko dute parte. Egun horretan bertan, nazioarteko legeak onartu eta bete behar diren ala ez galdetuko dio Iñarrituk barne ministroari.

@ehbilducongreso