Kongresuko zenbait taldek Sabino Cuadra gure kidea zigortzeko egin duten eskaeraren aurrean, Amaiurreko diputatuok honakoa adierazi nahi dugu:

Oker izugarria litzateke Kongresuko presidentea gure kidea zigortzeko tentaldian erortzea. Gure ustez, hori egitea alderdi politikoen presio onartezinen aurrean amore ematea izango litzateke, hau da, hauteskunde kirats nabaria duten interes alderdikoien aurrean etsitzea.

Gogorarazi beharra dago adierazpen askatasunerako eskubideak edozein diputaturen jarduera parlamentarioa babesten duela eta babestu behar duela, bereziki hautetsiek parlamentuan egiten dituzten hitzaldiei dagokienez. Zehazki, parlamentuko araudiaren 10. artikuluak honela dio: “diputatuek ukiezintasuna izango dute, are beraien agintaldia amaitu ondoren ere, beren funtzioak betez adierazitako iritziengatik”.

Sabino Cuadra gure kidea zigortzeko publikoki eskatu duten talde parlamentarioei dagokienez, seriotasunez jokatzeko eta eztabaida askeari eta ideien konfrontazioari beldurrik ez izateko eskatzen diegu, eta, batez ere, irain barregarri eta justifikatu gabeak aitzakia gisa ez erabiltzeko. “Konstituzioaren talibanak” balira bezala jokatzen ari dira.

Legealdiko lau urte hauetan, baita aurreko urteetan ere, PP, PSOE eta UPyD inoiz ez dira hain era zalapartatsuan eskandalizatu arlo sozialeko Konstituzioko artikuloak bete ez direnean. Are gehiago, azken hamarkada hauetan, hain sutsuki gurtzen duten konstituzio horrek jasotzen dituen oinarrizko eskubide indibidualak nahiz kolektiboak gero eta gehiago murrizten lagundu dute alderdi horiek.

Alderdi politiko horiek beren nahierara eta zalantzazko kalitate demokratikoa duten prozeduren bidez aldatzen dute Espainiako Konstituzioa deritzon “behi sakratu” hori. Horregatik, gure ustez, ez dute inolako legitimitate moralik sutan jartzeko diputatu batek bere jarduera parlamentarioaren barnean ekintza sinboliko bat egiten duenean, Sabino Cuadra gure kideak egin zuen bezala.

@ehbilducongreso