Jon Iñarritu diputatuak idatzizko hainbat galdera egin ditu. Besteak beste, Marokok errefuxiatu siriarrei Melillako Asilo Bulegora iristea galarazteko arrazoiaren atzean Madrid eta Rabaten gobernuen arteko akordiorik dagoen jakin nahi du diputatu subiranistak.

Amaiurreko diputatuak Espainiako barne eta atzerri gaietarako ministroen urgentziazko agerraldia eskatu du Melillan errefuxiatu siriarrekin gertatzen ari diren “irregulartasun” guztiez azalpenak eman ditzaten. Bere ustez, “eskandalagarria da hiri horretan gertatzen ari dena” eta Rabat eta Madrilgo gobernuek errefuxiatu siriarrei ematen dieten tratua “ankerra” dela salatu du.

Iñarrituk jakin nahi du zergatik errefuxiatu gutxi batzuei soilik uzten dieten muga pasabidea igarotzen. Bere esanetan, muga igarotzen duen pertsona kopurua bat dator Melillako Etorkinen Behin behineko Egonaldirako Zentroan, egunez egun, libre geratzen den plaza kopuruarekin.

Horrezaz gain, bere jarrerak Beni-Enzarreko mafiak elikatzen dituela jakitun den galdetu dio Espainiako gobernuari. Ildo horretan, pertsonekin trafikatzen duten erakunde kriminalak ikertzen diharduen ala ez jakin nahi du Iñarrituk.

Euskal diputatuak Etorkinen Behin behineko Etorkinen Zentroaren (CETI) egoeraz ere galdetu du. Hain zuzen, zentro horretan errefuxiatuak metaturik egoteko arrazoiak jakin nahi ditu.

Azkenik, gurasoengandik banadurik dauden adin txikikoen egoeraz ere galdetu dio Iñarrituk Rajoyren gobernuari.

@ehbilducongreso