Etorkinen Behin behineko Melillako Zentroan (CETI) bizi den egoeraren lekuko zuzena izan da Jon Iñarritu diputatua. “400 pertsonentzako prestaturiko zentroan 1.600 pertsona daude une honetan, horietako gehienak siriar errefuxiatuak”, salatu du.

Iñarrituren arabera, “egoera jasangaitza da”, besteak beste, familia asko banandurik daudelako Marokoko Nador hiriaren eta Melillaren artean. “Familien bateratzea ezinbestekoa da, zentroko baliabide material eta pertsonalak handitzea bezala”, esan du.

Gobernuz Kanpoko Erakundeek bezala, euskal diputatuak ere uste du “CETI zentroa ez dela lekurik onena asilo eskaria egiten dutenentzat”. Ildo horretan, “Errefuxiatuak Jasotzeko Zentro (EJZ) baten beharra” nabarmendu du Iñarrituk.

Diputatu subiranistak salatu duenez, “CETI zentroa migratzaileen erretentzio zentro bilakatzen ari da, eta hori pertsona horiek guztiek mugikortasunerako duten eskubidearen aurka doa”.

Bere esanetan, “krisi humanitario baten aurrean gaude, eta beraz, modu horretara, gizatasunez erantzun behar zaio arazo larri horri”.

@ehbilducongreso