Koalizio subiranistak tiro poligonoaren berehalako itxiera eskatu eta Espainiako armadak Euskal Herritik alde egin dezala exijitu du.

Sabino Cuadra diputatuak Bardeetako ariketa militarrei buruzko desinformazioa salatu eta horiek isilpean egiten ari direla leporatu dio Mariano Rajoyren gobernuari. “Beti bezala, azken unean jakin dugu gaurtik hasita eta urriaren 9 arte, ariketa militarrak egingo dituztela Errege Bardeetan”.

 Diputatu nafarrak ziurtatu duenez Espainiako gobernuak ez du argitu zenbat gerra hegazkin, helikoptero eta soldaduk hartuko duten parte ariketa “garrantzitsu” horietan. “Azken hamarkadetako ariketa militarrik handienak dira”, esan du.

Bere ustez, agerikoa da ariketa hauek NATO estatuan egiten ari den “Trident Juncture 2015” operazio erraldoiaren baitan kokatzen direla. Eta gogoratu duenez, Espainiako defentsa ministerioak berak esan du Errege Bardeetako tiro poligonoak roll garrantzitsua izango duela.

Cuadrak salatu duenez “isiltasun handi batek estaltzen ditu ariketa militar horiek”. Ildo horretan, orain arte Espainiako gobernuari zuzendutako idatzizko galderei erantzun diezaiela eta Morenes ministroak agerraldia egin dezala eskatu dio Rajoyren gobernuari.

Diputatu subiranistak tiro poligonoaren berehalako itxiera eskatu du duela gutxi Nafarroako Parlamentuak egin bezala.

@ehbilducongreso