Halaber, koalizio subiranistak giza eskubideen urraketa hauen aurrean erantzun irmoa emateko eskatu die Europako estatuei. Horretarako, Turkian dituzten enbaxadoreak erretiratzeko eskaera egin die beraiei ere.

Jon Iñarritu diputatuak eta Urko Aiartza senatariak sinatutako gutun baten bidez, Turkian duen enbaxadorea erretiratzeko eskaera formala egin dio gaur koalizio subiranistak Mariano Rajoyren gobernuari.

Gutuna Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroari zuzenduta dago eta gogor salatzen du Erdoganen gobernuak gerrilla kurduaren kontra bereziki eta herri kurdu osoaren kontra hartu duen jarrera. Nabarmendu beharra dago gerrilla kurdua ISISen aurka borrokatzen ari dela eta Estatu Islamikoa eragozteko funtsezko eragilea dela.

Uztailaren 24an Turkiako presidenteak bake prozesuaren amaiera iragarri zuen, eta Amaiurrek gutunean gogorarazten du orduz geroztik Ankarako gobernuak kanpaina “basatia” abiatu duela herri kurduaren kontra. Ofentsiba militar hori oso era “kezkagarrian” areagotu da azken egunotan, HDP alderdi kurduaren kontrako erasoak eginez eta mugimendu kurduko ehunka militante eta jarraitzaile atxilotuz.

Gainera, azken egunotan Turkiako indar militarrek Cizre hiriaren kontra egin dituzten bonbardaketak eta erasoak nabarmentzen ditu koalizio subiranistak, hamarnaka zibil hil baitira eraso horietan, emakumeak eta haurrak barne.

Gutunean, Amaiur koalizioak Jose Manuel Garcia Margallori gogorarazten dio Turkia Europako Batasunean sartzeko hautagaia dela baina ez duela nazioarteko legedia betetzen. Turkiak etengabe urratzen ditu giza eskubideak.

Urko Aiartza senatariak “Turkia herri kurduaren kontra egiten ari den masakrea berehala bukatu behar” dela dio. Horretarako, beharrezkotzat jotzen du Espainiako Gobernuak eta Europako Batasunak Ankarako gobernua presionatzea.

Jon Iñarritu diputatuaren iritziz, “Erdogan presidentearen jarrera hauteskundeetan izan dituen emaitza ezin txarragoek eragindako erreakzio gisa ulertu behar da”, eta haren helburua “kurduen aldeko HDP alderdia hurrengo hauteskundeetatik kanpo uztea da”.

Bestetik, Iñarrituk eta Aiartzak “gogor” kritikatzen dute Turkiaren aliatu militarren jarrera, haien “isiltasunak” herri kurduaren aurka egiten ari diren “basakerien erantzule” bihurtzen dituelako. Era berean, deialdi zehatza egiten diote nazioarteko komunitateari, batez ere EBri, Turkiako Gobernuaren kontra gogor jarduteko eta herri kurduaren eskubide demokratikoen “defentsa irmoa” egiteko.

Hori guztia dela eta, Turkian duen enbaxadorea erretiratzeko eskaera formal idatzia egin dio gaur goizean Amaiurrek Espainiako Gobernuari.

Halaber, euskal koalizioak giza eskubideen eta nazioarteko legediaren urraketa larri hauen aurrean erantzun irmoa emateko eskatu die Europako estatuei. Horretarako, Turkian dituzten enbaxadoreak erretiratzeko eskaera egin die beraiei ere.

@ehbilducongreso