Rafa Larreina diputatuaren arabera, urtea hasi denetik, gastu soziala murriztu duten bitartean defentsa ministerioaren aurrekontua %36,57 igo du Espainiako gobernuak (2.106,514 milioi). Horrezaz gain, legealdi honetan Pedro Morenesek zuzentzen duen sailaren aurrekontua 8.737,347 milioi handitu dela salatu du ere bai.

Euskal diputatuaren esanetan, 2012an hazkundea %43,53koa izan zen, 2013an %32,51koa, 2014ean %33,95ekoa eta 2015ean, uztailaren 31arte gutxienez, %36,57koa. Zifra horiei Zapateroren gobernuaren azken bi urteetakoak gehitu behar zaizkie (%13,26 2010ean eta %16 2011ean).

“Gure herriaren burujabetza eskubidea ukatzera bideraturiko estatu egituretara zuzentzen diren dirutzak errotik moztea proposatzen dugu”, esan du. Bere ustez, hori guztiaren adibide garbia da Pedro Morenes ministroak Kataluniaz esandakoak. “Euskal Herriak erabakitze eskubidea praktikara eramango balu gauza bera esango luke Morenes jaunak”, esan du Larreinak.

Amaiurreko diputatuak ate birakarien politika salatu du ere bai; “defentsa ministeriotik arma industriara salto egiten duten pertsonak daude, eta alderantziz”.

Estatuko aurrekontu nagusiei aurkezturiko zuzenketa partzialak

Diputatu subiranistak estatuko aurrekontu nagusiei aurkezturik hiru zuzenketa partzialak defendatu ditu gaur batzordean. Euskal kupoaren eta Nafarroako aportazioaren erabateko murrizketa proposatu du euskal koalizioak.

Denera 1.349 milioi euroko murrizketa. Besteak beste, defentsa, kanpo ministerioa, barne ministerioa, Errege Etxea, espetxeak, Kontu Epaitegia, Konstituzio Epaitegia, Estatu Kontseilua eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagozkion diru partidak dira horiek.

“1.349 milioi euro horiek ongizate estatua eta gastu soziala indartzera bideratuko genituzke”, esan du Larreinak.

@ehbilducongreso