Amalur Mendizabal senatariak salatu duenez, “lotsagarria eta onartezina” da Alderdi Popularraren gobernuak ezertxo ere ez egitea Siriako errefuxiatuen krisi humanitarioaren aurrean. Gainera, “iraingarritzat” jo du EBtik erantzun gisa datorren “isiltasuna”.

Haren ustez, Mariano Rajoyren gobernuak ez ditu bere eginbeharrak bete, ez baitio inolako erantzunik eman krisi humanitarioari. “Berriz ere, tokian tokiko, probintzietako eta autonomia erkidegoetako instituzioak eta gizarte zibila izan dira urrats bat aurrera egin behar izan dutenak”, adierazi du.

Era berean, “krisi humanitario bat immigrazio arazo hutsa balitz bezala estaltzea” leporatu dio Espainiako Gobernuari. “Pertsona horiek guztiek gerratik ihesi datoz, giza eskubideen urraketetatik ihesi eta ezin zaie militarki erantzun, edo eta alanbre-hesiekin eta are gutxiago gomazko pilotekin”, esan du.

Ildo horretan, eta Europako potentziek Siriaren kontrako aire erasoak egingo dituztela iradokitzen duten informazioen harira, senatari subiranistak honakoa adierazi du: “egoera hau ezin da aitzakia izan operazio militarrak egiteko, ez Sirian ez munduko beste edozein lekutan”.

Mendizabalen iritziz, NBEk korridore humanitarioak bermatu behar ditu gizonek, emakumeek nahiz haurrek gerratik ihes egiteko modua izan dezaten.

@ehbilducongreso