Amaiurrek Isabel Garcia Tejerina nekazaritza ministroaren urjentziazko agerraldia eskatu du Europako Batasuneko nekazaritza eta ingurumen ministroek atzo eta gaur Bruselan egiten ari diren goi bileran hartu dituzten erabakiez azalpenak eman ditzan.

Maite Aristegi diputatuaren arabera, Euskal Herriko esne sektoreak ustiapenen %85 galdu du azken 20 urte hauetan. “Sekula ezagutu ez dugun krisi baten aurrean gaude”, esan du. Bere esanetan, “krisi hau sektorearen desarautzeak, ekoizpen kuoten desagertzeak eta elikadura katea kontrolatzen duten industrien gehiegikeriek eragin dute”.

Horren aurrean, Aristegik botere publikoen esku hartzea eta sektorearen arautzea proposatu du. “Ekoizpen kostuak beteko lituzketen prezioak ezarri behar dira”, esan du. “Elikadura segurtasuna ezinbestekoa dela” uste du diputatu subiranistak.

“Espainiako nekazaritza ministerioak arazoaren muinera doazen irtenbideak proposatu behar ditu”, esan du Aristegik. Bere hitzetan, “gobernuek ezin dute esne industriaren mendean egon”.

@ehbilducongreso