Euskal koalizioak hainbat ekimen aurkeztuko ditu gaur milaka errefuxiatuen lekualdatzeak sorturiko krisi humanitarioari aurre egiteko neurriak har ditzan Mariano Rajoyren gobernuak. Kongresuan eta Senatuan aurkeztuko ditu Amaiurrek ekimenok.

Xabier Mikel Errekondo bozemaileak aurreratu duenez, barne ministroaren urgentziazko agerraldia eskatuko dute bai plenoan eta baita batzordean ere. Senatuari dagokionez, datorren astelehenean zehaztuko du Amalur Mendizabal senatariak zertan datzan koalizioaren ekimen parlamentarioa.

Errekondoren arabera, “denbora agortzen ari da eta Europako Batasunera sartu nahian ari diren milaka errefuxiatuk ezin du askoz gehiago itxaron”. “Europako gobernuek berehalako erantzuna eman behar dute, ezin da gehiago atzeratu”, esan du.

Errekondok “txalotu” egin du Bartzelona, Madril, Iruñea eta estatuko beste udal batzuek eta Nafarroako gobernuak errefuxiatuei babesa emateko martxan jarri dituzten ekimenak. “Guztion ardura da, erakundeena eta gurea, herritarrona”, nabarmendu du.

@ehbilducongreso