Onda Vascari eskainitako elkarrizketan Amaiurreko diputatuak esan du “erregimen frankistari dagokion salbuespen egoera konstituzionalera jo duela Alderdi Popularrak”.

Ildo horretan, Kanada eta Erresuma Batuaren adibideak jarraitu ditzala eskatu dio Rafa Larreinak Mariano Rajoyren gobernuari. “Quebec eta Eskozia bezalako nazio historikoen erabakitze eskubidea errespetatu dute biek ala biek”, esan du. Bere ustez “burujabetzen arteko gatazkak ez dira gatazka gehiago sortuz konpontzen. “Burujabetzen arteko talka ez da konpontzen aldeetako bat isilaraziz”, esan du Larreinak.

Bere esanetan, Alderdi Popularrak onartu nahi duen Auzitegi Konstituzionalaren erreformak “ez du bere helburua lortuko, alderantziz, subiranismoa indartuko du”. Are gehiago, bere hitzetan, “Espainiako gobernuak preso politikoen kopurua handitu besterik ez du egingo”.

Hauteskunde orokorren ostean aldaketarik izango ote den galdetuta, diputatu subiranista “ezkor” azaldu da. “Podemos anbiguotasun susmagarria erakusten ari da. Argi eta garbi hitz egin behar du. Zein da erabakitze subjektua? Euskal Herria ala espainiar estatua?”.

@ehbilducongreso