Ekologistak Martxan erakundearen salaketak oihartzuna izan du eta Segurtasun Nuklearreko Batzordeak exijituriko ikuskatzeak ez egiteko arrazoiak azaldu ditzala eskatu dio koalizio subiranistak Espainiako gobernuari.

Xabier Mikel Errekondo diputatuaren arabera “oso larria” da Ekologista Martxan erakundeak egin duen salaketa. Horregatik, Espainiako industria eta energia ministerioari idatzizko hainbat galdera egin dizkio Amaiurreko bozemaileak.

Besteak beste, orain arte Nuclenorrek egin dituen eta egin ez dituen ikuskatzeez galdetu du Errekondok. Ikuskatze horiek guztien betetze dataz ere galdetu du bozemaile subiranistak.
Gogora dezagun, aste honetan bertan, Ekologistak Martxan erakundeak Segurtasun Nuklearreko Batzordeak exijituriko segurtasun neurriak ez betetzea leporatu diola Nuclenorri, zentral atomikoaren jabeari, alegia.

Erakunde ekologistaren arabera, zentral nuklearra 2031 urtera arte zabalik mantentzeko eskaria aztertzeko beharrezkoa den ikuskatze plana ez da betetzen ari Nuclenor. Plangintza horrek 10 milioi euroko kostua izango luke.

@ehbilducongreso