Iosu Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunari helegitea aurkeztuz, fiskaltzak hartu duen erabakiaren inguruan hauxe adierazi nahi du Amaiurrek:

1. Fiskaltzaren erabakiaren aurkako gure jarrera irmoa erakutsi nahi dugu. Ministerio fiskalaren helburua Iosu Uribetxeberria ahalik eta denbora luzez espetxean mantentzea da.

2. Fiskaltza ez da argudio juridikorik emateko gai izan. Horregatik, bestelako argudio harrigarriak erabiltzen ditu ikuspuntu juridiko eta gizatiarretik jasan ezina den helegitea justifikatzeko.

3. Salbuespeneko beste neurri baten aurrean gaude. Honek erakusten du fiskaltzaren erabakiak duen zama politikoa eta baita euskal presoekiko Alderdi Popularrak duen jarrera ankerra ere.

4. Arrazoi humanitario eta giza eskubideengatik, Iosu Uribetxeberriak askatasunean egon behar du berehala. Horretarako ordea, zaintzapeko epaile nagusiak hasierako jarrera zuzendu eta ebazpena irmoa izatera itxaron gabe aske utzi behar du euskal presoa. Hau da, gure ustez, bizitzarako eta osotasun fisikorako Iosu Uribetxeberriaren eskubidea bermatzeko modu bakarra.

5. Indarrean dagoen espetxe politika ankerra berehala eta behin betiko albo batera utz dezala dei egiten diogu Espainiako gobernuari. Espetxe politika arrunta aplikatzen hasteko unea da.

6. Mendekuak eta ankerkeriak ez dute lekurik garai berri honetan. Horregatik, gizartearen gehiengoaren nahiari entzun diezaiola eskatzen diogu Alderdi Popularrari. Pertsona ororen eskubide guztiek errespetatuak izan behar dute. Baita euskal presoenak ere.

7. Iosu Uribetxeberriaren eta gaixo larriak dituzten beste hamahiru presoen berehalako askatasuna exijitzen du Amaiurrek.

@ehbilducongreso