- Sabino Cuadrak Fernandez Diazen agerraldia eskatu du. Diputatu nafarraren iritziz, Barne ministroak “prebarikazioa” egin du.

Sabino Cuadraren iritziz, “ikuspuntu juridiko huts batetik, Barne ministroak prebarikazio nabaria egin du. PPren alderdi interesak jarri ditu foru eskumenen gainetik, Nafarroako instituzioen eskakizunaren gainetik eta trafikoaren nahiz espetxeen kudeaketak dakartzan betekizunen gainetik, eta hori botere-abusu nabaria eta indarrean dagoen legediaren erabilera makurra da inolako zalantzarik gabe”.

Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari izendatu ondoren Jorge Fernandez Diazek aste honetan egindako adierazpenez ari zen Amaiurreko diputatu nafarra. Izan ere, ministroak esan zuenez, izendapen horrek “erabat aldatzen du lankidetza eszenatokia eta, beraz, Nafarroari ez zaio espetxe eskumena transferituko eta trafikoaren arlokoak ez zaizkio handituko”, eta honakoa gaineratu zuen: “Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren presentzia eta hedapena orain arteko berdina izango da gutxienez, edo agian handiagoa”.

Horri dagokionez, Cuadraren esanetan “nabaria da segurtasun politika inposizioan, errepresioan eta mendekuan oinarritzen dela eta haren helburua ez dela dagoeneko existitzen ez den indarkeria baten aurka borrokatzea, baizik eta gure herria Madrilgo politika zentralistaren menpe jartzea”.

Diputatu subiranistaren iritziz, PPren politikak inkisitoriala eta sorgin ehiza tankerakoa izaten jarraitzen du. “Lehen esaten zuten dena ETA dela, eta orain dena Bildu dela, baina begien bistakoa da hori Barne ministroaren buru eldarniotsuaren asmakeria besterik ez dela. Izan ere, ministroaren jokaera frankismoaren garaiko Gobernazio ministroen jokaeratik gero eta hurbilago dago, ministro haiek elkar hartze makurrak, masoneriak eta Moskuko urreak ikusten baitzituzten nonahi”.

Cuadrak gogorarazi du aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indarrek babes argia jaso dutela Nafarroako azken foru hauteskundeetan eta Gobernu berriak behar sozial horri erantzuten diola. Horren aurrean, “PPren gobernua xantaiarik zakarrena erabiltzen ari da Nafarroako gobernu berriaren burujabetza eta adostutako aldaketa politika baldintzatzeko”.

@ehbilducongreso