Amaiurreko diputatuak erabakitze eskubidea onartzeaz gain sozioekonomia eta eskubide eta askatasun demokratikoetan Alderdi Popularra egiten ari den kontraerreforman atzera egitea ezinbestekotzat jotzen du edozein aldaketa babesteko.

Diputatu subiranistak positibotzat jo du datozen hauteskunde orokorrei begira, gizarte zibileko 27 eragilek atzo EHBildu, Podemos, Ezker Anitza, Equo eta Irabaziri luzatu zieten zerrenda bateratuaren proposamena.

{audio}http://www.eitb.eus/multimedia/audios/2015/07/23/1738952/20150723_10330803_0007857979_002_001_ENT_SABINO_C.mp3{/audio}

Hala ere, Cuadrak argi utzi du koalizio subiranistak eta bere militanteek irailean eztabaidatuko dutela sakon proposamen hori eta mahai gainean egon daitezkeen beste guztiak ere. Podemosek eskaera horri baiezko erantzuna emango liokeen ala ez galdetuta, Sabino Cuadrak esan du beraiek direla horri erantzun behar diotenak.

Konstituzioaren erreforma eta EAJ

Balizko erreforma konstituzionalaz, Cuadrak esan du horrelako erreforma batek erabakitze eskubidea jaso behar duela. Bestela, “iruzur handi” baten aurrean egongo garela.

Bere ustez, “argiago” hitz egin beharko litzateke eta inolaz ere erreforma konstituzionala eta berdinen arteko ituna bezalako kontzeptuen atzean, benetan mahai gainean dagoena ezkutatu; “erabakitze eskubidearen aitortza ezinbestekoa da edozein erreforma eta proiektu demokratikotzat jotzeko”, esan du.

EAJri zuzenduz, diputatu nafarrak adierazi du “erabakitze eskubiderik gabeko sistema konfederala eskuduntza banaketa ezkutatzen duen aterkina baino ez dela”. Bere aburuz, berdinen arteko ituna egon dadin beharrezkoa da bi aldeek estatus juridiko-politiko-instituzionala izatea.

Nafarroa

Cuadrak bere poztasuna agertu du Uxue Barkos presidente izendatu dutelako. Hori bai, argi utzi nahi izan du EHBildu, koalizio eta indar politiko gisa, ez dela Nafarroako gobernuko kide.

Maria Jose Beaumont, barne sailburu izendatu izanagatik Espainiako gobernutik jasandako erasoak gogor gaitzetsi ditu Cuadrak eta prebarikaziotzat jo du Jorge Fernandez Diaz barne ministroak esandakoa. Gogora dezagun, Beaumont barne sailburu delako trafiko eta espetxe gaietan eskuduntza gehiagorik ez transferitzeko erabakia hartu duela Espainiako barne ministerioak.

@ehbilducongreso