ETBri eginiko adierazpenetan, Amaiurreko bozemaileak esan du Kataluniako gizarteak hasitako bidearen aurrean Espainiako gobernuaren eskaintza bakarra mehatxua dela. “Legeak ezin du sekula gizarte baten gehiengoaren borondatearen gainetik egon”, esan du.

Bitartean, Rafa Larreina diputatuak Madrildik bertatik salatu duenez, “Segurtasun Nazionaleko Legea burujabetzaren aurkako legea baino ez da”.

Amaiurreko diputatuak herrien burujabetza aldarrikatu du Kongresuko batzorde konstituzionalean Segurtasun Nazionaleko Legearen eztabaidaren baitan.

Euskal diputatuak Espainiako estatuaren izaera plurinazionala ukatzea leporatu die estatu mailako indar politiko nagusiei. “Segurtasun Nazionaleko Legeak segurtasunaz duen ikuskera XIX. mendekoa da XXI. mendekoa baino”, esan du.

Quebec eta Eskoziako kasuak aipatuz, Larreinak adierazi du “Estatu bati arriskua ez zaiola sortzen askatasuna bera praktikan jarriz, ustelekeria zabalduz baizik”. Bere esanetan, ez Canada eta ez Erresuma batua ez dira ahuldu Quebecek eta Eskoziak erabakitze eskubidea praktikara eraman dutelako.

Ildo horretan, Larreinak nabarmendu du “edozein estatu demokratiko indartzen duena herritarrek euren etorkizunaz erabakitzeko eskubidearen onarpena dela”.

@ehbilducongreso