Ironia erabiliz, diputatu subiranistak PP “zoriondu” du nahi zuena lortu duelako abortuaren arloan. Hemendik aurrera, emakumeek “askatasun gutxiago” izango dute beren gorputzaz erabakitzeko. “Adinaren aitzakia oso ondo etorri zaizue emakume babesgabeei xantaia emozionala egiteko”, esan du Alderdi Popularreko diputatuei begira, eta honakoa gaineratu du: “emakume gazteenak babestu beharrean, PPk haien erabakiak mugatu ditu. Izan ere, 16 urterekin posible izango da ama izatea, orain arte bezala, baina ama ez izatea erabakitzea ez, hori ez da posible izango”.



Abortatzera joaten diren emakume gazte gehienek gurasoen baimena daukaten arren, Enbeitak gogorarazi du gurasoen baimenik gabe joaten direnek pisuzko arrazoiak izan ohi dituztela abortatzeko. Haren ustez, “lagundu beharrean, bakarrik utziko dituzte arriskuaren aurrean; abortatu nahi duten emakume gazteen egoera oso latza izaten den arren, orain baino zailtasun handiagoak izango dituzte”. Familiako indarkeriaz, indarkeria matxistaz eta muturreko erlijiozaletasunaz ari zen.

Zentzu horretan, erreformaren izaera klasista nabarmendu du diputatu abertzaleak: “batzuei beti geratuko zaizkie klinika pribatuak, edo Londres, edo Miarritze; gainerakoak ahal bezala moldatu beharko dira, euren kabuz”.

Gainera, Onintza Enbeitak kritika zorrotza egin dio PPri sexu hezkuntza nahi gabeko haurdunaldiak ekiditeko tresna gisa planteatu ez duelako. “Ama ez izatea erabaki duten emakumeak kriminalizatzen eta erruduntzat jotzen ari dira”, adierazi du.

Azkenik, euskal diputatuak ohartarazpen argia egin dio PPri: ezartzen zaizkien murrizketa guztien gainetik, “emakumeek beren sexuaz, beren haurdunaldiaz edo haurdunaldirik ezaz, beren bizitzaz eta beren askatasunaz gozatzen jarraituko dute”. “Azken batean, emakume izateaz gozatzen jarraituko dute”, gaineratu du.

@ehbilducongreso