Euskal presoen eta haien senideen elkarrizketa pribatuak etengabe filtratzen dituztela salatu du koalizio subiranistak.

Arnaldo Otegi eta bere senideen arteko elkarrizketa pribatu bat berriz ere prentsara filtratu izanaz galdetu dio Jon Iñarritu diputatuak Espainiako gobernuari.

Iñarrituk salatu duenez, “etengabea da presoen eskubideen urraketa, baita euren elkarrizketa prinatuei dagokienean ere”.

Oraingoan, buruzagi independentistak eta bere senide batek Logroñoko espetxean izandako elkarrizketa batetako pasarte baten filtrazioaz galdetu du Amaiurrek. “Testuinguru zehatz batean esandakoa era zakar batean manipulatu eta publiko egin dute”, esan du Iñarrituk.

Hain zuzen, La Razon eskuin muturreko egunkari espainiarrak argitaraturiko informazio batez kexu da euskal diputatua. Hala ere, gogoratu duenez, hainbat dira urte luze hauetan euskal presoen elkarrizketa pribatuen filtrazioak publiko egin dituzten egunkariak; ABC, EL Mundo eta El País, esaterako. “Berdin jokatzen dute horiek guztiek”, dio diputatu abertzaleak.

Besteak beste, “euskal presoen ustezko elkarrizketa horiek filtratzea borroka antiterroristaren estrategiari erantzuten dion” galdetu dio Iñarrituk Espainiako gobernuari.

@ehbilducongreso