Diputatu subiranistak migrazioaren gaia ikuspuntu humanitario batetik barik, ikuspuntu polizial batetik kudeatu izana leporatu dio barne ministro espainiarrari.

“Gomazko piloten azpian itota hamabost pertsona hil ziren Tarajalgo hondartzako ministro gisa pasako zara historiara”, esan dio Iñarrituk. Eta gertakari haiengatik, bere gobernuak inork dimisiorik eman ez izana gogor gaitzetsi du Amaiurreko diputatuak.

Bere ustez, Melillako hesian gauza bera gertatu da: “basakeria poliziala eta kanporatze sumarioak”. Saharaz azpiko migratzaileen eskubideak ez errespetatu izana leporatu dio Iñarrituk Fernandez Diazi.

Azkenik, diputatu subiranistak gogor kritikatu du barne ministeriotik jaurti diren mezuak. “Mezu alarmistak, benetan arriskutsuak, eskuin muturrak erabiltzen dituen bezalakoak”, esan du Iñarrituk.

@ehbilducongreso