Greziarren erabakitze eskubidea ukatzeak suposatzen duen defizit demokratikoa salatu du Rafa Larreinak. Bere ustez, FMI eta Troikaren politikek krisia areagotu dute. “Porrot egin dute”, esan du.

Diputatuen Kongresuan eginiko adierazpenetan, Larreinak esan du “iruzurra” eta “xantaia” direla Eurotaldeak eta Troikak Greziaren aurka darabilten presio politika. Helburua, bere esnaetan, “greziarren erabakitze eskubidea eta Europar Batasun osoarena ere, ukatzea da”.

Bere ustez, “Greziako erreferendumean ezetz bozkatzeak ez du Europaren aurka bozkatzea denik esan nahi. Europa ezberdin, Europa sozial eta herritarren Europa baten alde bozkatzea baizik”. Ildo horretan, herritarren Europa albo batera utzi eta herritarrei bizkar ematen dien merkatuen Europaren alde egiten dutenak gogor ktitikatu ditu Amaiurreko diputatuak.

Larreinaren aburuz, “ekonomia zientziaren logikak ere ez ditu FMI etsa Troikak berak inposatu nahi dizkiguten austeritate politikak babesten”. Diputatu arabarrak Paul Krugman, ekonomia Nobelaren hitzak gogoratu ditu: “FMI eta Troikaren politikek austeritate neurriak luzatzea ekarriko dute, hau da, porrot handia direla frogaturik geratu diren neurriak luzatzea”.

Zentzu horretan, “are eta kezkagarriagoa” den beste gai bat nabarmendu nahi izan du Larreinak. “Herritarrei euren etorkizunaz erabakitzea ukatzea defizit demokratiko handia da”, esan du.
Bere hitzetan, “ikuspuntu demokratiko batetik, eskandalagarria eta deigarria da oso Grezia krisira eraman zuten alderdi politiko europarrak izatea orain herritarren alde egiten ari den Greziako gobernua erasotzen ari direnak”. Larreinaren ustez, “ekonomia espekulatzaile eta finantza merkatuen alde egin zuten eta egiten ari diren alderdi politikoek ez bezala, Greziako gobernua herritarren alde ari da”.

Amaiurreko diputatuak Rajoyren gobernuari eskatu dio ez dadila “EBren fundatzaileen espirituaren aurka ari direnen konpartsakidea izan”. Bere esanetan, “alderdi politiko eta gobernu batzuk merkatu soil batera mugatzen ari dira Europako Batasuna”. “Ekonomia espekulatzailearen esparru eta finantza merkatu soil gisa nahi dute Europa herritarrei bizkar emanez eta Herrien Europa ukatuz”, esan du.

@ehbilducongreso