Diputatu subiranistaren arabera, “bizi dugun krisiak egoera honetara ekarri gaituen ekonomia eredua, zerbitzu publikoen eredua eta egitura soziala bera” ezbaian jartzeko balio behar du.



Krisia aukera bihurtzea nahi du Enbeitak. “Behingoz bada ere, bizitza ekonomiaren eta sistemaren erdigunean jartzeko aukera gisa ulertu behar dugu krisia”, esan du. Bere esanetan, krisiak ez die modu berean eragiten genero, sexu, klase sozial, arraza eta etnia guztiei. “Biktimismoa albo batera utzi eta eman dezagun urrats bat aurrera”, esan du.

Emakumeen garrantzia

Onintza Enbeitaren arabera, emakumeek ulertu egin dute kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazkan bizirautea lortu dutela, “bai emakume eta bai pertsona bezala”. Bere esanetan, ondorio horrek “bizitza kapitalaren gainetik jartzera eraman behar gaitu”. Are gehiago, sistemak ordaindu gabeko eta merkaturatu gabeko lanari esker zutik eustea lortu duela uste du Enbeitak.

Euskal diputatuak arlo ekonomiko eta sozialean emakumeak izan duen garrantzia nabarmendu du. “Bizitzaren erreproduzioaz gain, bizitza bera eustea egokitu zaie emakumeei”, esan du.

Ildo horretan, Enbeitak gogor kritikatu du lan erreforma. “Hainbeste urteko borrokari esker lortu ditugun eskubideak galdu ditugu eta murrizketek emakume askok egiten zituzten zerbitzu sozialetako lanpostuak desagerrarazi dituzte”, adierazi du. Ondorioz, emakume askok etxera itzuli eta ume eta nagusien zaintza euren gain hartu behar izan dutela salatu du. “Erakunde publikoek eskaintzen ez dituzten zerbitzuak egiten dituzte emakumeek”, esan du Enbeitak.

Bere ustez, “sistema berari eutsi nahi gabe ere, zaintza lanak askoz merkeagoak izatea ahalbidetzen dute emakumeek”.

Zazpi puntuko mozioa

Amaiurren mozioak zazpi puntu ditu. Lehenak, zaintza lanen eta etxeko zereginen eremuan gizon eta emakumeen arteko erantzunkidetasunean hezteko hezkuntza programak abian jartzeko eskatzen dio Amaiurrek Espainiako Gobernuari.

Halaber, koalizio subiranistak lan erreproduktiboa eta zaintza lanak emakumeen gain soilik gera ez daitezen beharrezkoak diren baliabide eta zerbitzu publikoak abian jartzeko eskatzen dio Rajoyren gobernuari.

Bestetik, eragile politiko, sindikal eta sozialekin mendekotasun lege berri bat adosteko proposamena egiten du Amaiurrek. Lege berriak behar adinako laguntza publikoak bermatu beharko lituzke hala zaintzak behar dituzten pertsonentzat nola zaintzaileentzat.

Ildo horretan, interdependentzia, bizitzaren sostengarritasuna eta ugalketa bezalako kontzeptuei agenda politikoan lehentasuna emateko eskatzen dio Amaiurrek Espainiako Gobernuari.

Era berean, suntsitu diren zerbitzu publikoak berreskuratzea eta gelditzen direnen pribatizazioa geldiaraztea proposatzen du Onintza Enbeitak mozioan.

Mozioaren seigarren puntuan, osasun zerbitzu publikoa optimizatzeko eskatzen dio gobernuari, bizitzako etapa guztietan bizi kalitate ona bermatu ahal izateko.

Azkenik, lan erreforma bertan behera uztea proposatzen du Amaiurrek, gizon eta emakumeen soldaten arteko aldea eta lan baldintzen arloko desberdintasunak desagerrarazteko.

@ehbilducongreso