Jon Iñarritu diputatuak Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbiderako prozesuaz hitz egiteko baliatu du Kolonbiako bake prozesuari buruz Mariano Rajoyri eginiko ahozko galdera.

Iñarrituk Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearengandik “ikasteko” aholkua eman dio Espainiako gobernuburuari. Eta aldi berean, FARCekin aurrera daramaten bake prozesuan Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiak duen jarrera ultra izatea leporatu dio Iñarrituk Rajoyri.

Diputatu subiranistak Espainiako presidenteari gogoratu dionez, Alderdi Popularrak ETArekin hitz egin zuen iraganean, FARCekin ere elkarrizketak eta negoziazioak babesten ditu gaur egun eta talde yihadistekin negoziatu eta bahiketak ordaindu izan ditu. “Kasu horietan guztietan legea ez da oztopo izan, ezta? Beraz, ez da legeria arazo bat, borondate kontua baizik”, esan dio.

@ehbilducongreso