Amaiurrek zazpi puntuko mozio bat aurkeztu du. Datorren astean eztabaidatuko da.

Mozioan, besteak beste, Onintza Enbeita diputatuak dio krisia orain arte eduki dugun sistema ekonomiko eta soziala aldatzeko baliatu behar dela.

Euskal koalizioak honakoa nabarmentzen du mozioan: “krisi sozioekonomiko honetan zehar genero balioak galdu egin dira eta, horren ondorioz, lehengo eskema zaharrera itzuli gara. Eskema horretan, gizonak dira familiaren sostengatzaileak eta emakumeen zeregina sostengu hori osatzea da, baina errealitatean emakumeak dira bizitza sostengatu eta ugaltzen dutenak, horren truke inolako ordainsaririk jaso gabe”.

Zaintza lanen eta etxeko zereginen eremuan gizon eta emakumeen arteko erantzunkidetasunean hezteko hezkuntza programak abian jartzeko eskatzen dio Amaiurrek Espainiako Gobernuari.

Halaber, koalizio subiranistak lan erreproduktiboa eta zaintza lanak emakumeen gain soilik gera ez daitezen beharrezkoak diren baliabide eta zerbitzu publikoak abian jartzeko eskatzen dio Rajoyren gobernuari.

Bestetik, eragile politiko, sindikal eta sozialekin mendekotasun lege berri bat adosteko proposamena egiten du Amaiurrek. Lege berriak behar adinako laguntza publikoak bermatu beharko lituzke hala zaintzak behar dituzten pertsonentzat nola zaintzaileentzat.

Ildo horretan, interdependentzia, bizitzaren sostengarritasuna eta ugalketa bezalako kontzeptuei agenda politikoan lehentasuna emateko eskatzen dio Amaiurrek Espainiako Gobernuari.

Era berean, suntsitu diren zerbitzu publikoak berreskuratzea eta gelditzen direnen pribatizazioa geldiaraztea proposatzen du Onintza Enbeitak mozioan.

Mozioaren seigarren puntuan, osasun zerbitzu publikoa optimizatzeko eskatzen dio gobernuari, bizitzako etapa guztietan bizi kalitate ona bermatu ahal izateko.

Azkenik, lan erreforma bertan behera uztea proposatzen du Amaiurrek, gizon eta emakumeen soldaten arteko aldea eta lan baldintzen arloko desberdintasunak desagerrarazteko.

@ehbilducongreso