Diputatu subiranistak emakumeek gizonekiko pairatzen duten desberdintasun egoera handitzea leporatu dio Alderdi Popularrari. Enbeitak salatu duenez, Espainiako gobernuaren politika sozioekonomikoek, austeritatea buru dutela, bi aldiz kolpatzen dituzte emakumeak. “Laguntzak desagertzearekin batera, zaintza lanak etxera itzuli dira emakumeek bere gain hartuz. Eta bestetik, zerbitzu sozialak murriztuz emakumeen langabezia tasa handitu egin da”, esan du.

Ildo horretan, etxeko langileen lana aldarrikatu du Onintza Enbeitak. “Langileen estatutuak ere ez ditu onartzen”, salatu du.

Enbeitaren arabera, Alderrdi Popularraren politika guztiak lan produktibora bideraturik daude, lan erreproduktiboa albo batera utziz. Are gehiago, politika horiek emakumeak etxera itzultzera behartzen dituztela salatu du. “Gainbehera datorren sistema zutik mantentzen dutenak emakumeak gara”, esan du. Bere ustez, “emakumeak sistema kapitalistaren eskulana dira”. “Zuek desegin edo pribatizatzen dituzuen zerbitzuak eskaintzen ditugu guk”, esan dio Alfonso Alonso osasun eta berdintasun ministroari.

Genero indarkeria eta abortoaren erreforma

Onintza Enbeitak gogor salatu du genero indarkeria jasaten duten biktimei zuzendutako zerbitzuen murrizketa. “Alderdi Popularrak emakume horientzat oso garrantzitsuak diren zerbitzuak murriztu ditu”, kritikatu du.

Erreformen artean, abortoarena ere nabarmendu du euskal diputatuak. “Krisi egoera baliatu duzue gure osasun erreproduktiboan esku hartzeko”, salatu du.

“Guk, emakumeok, galdu eta zuek aurreztu”, esan dio Alfonso Alonsori.

Datorren astean, krisia eta emakumeari buruzko mozioa aurkeztuko du Amaiurrek.

@ehbilducongreso