Koalizio subiranistak Mariano Rajoyren politika sozioekonomikoek emakumeengan duten eraginaz galdetuko dio datorren asteazkenean Espainiako gobernuari.

Onintza Enbeita diputatuak krisia eta emakumeari buruzko eztabaida mahai gainean jarri du datorren asteazkenean. Euskal diputatuaren arabera, krisi sozioekonomikoak gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak areagotu ditu. “Emakumeen kalterako, noski”, esan du. Esate baterako, Enbeitaren arabera, soldaten arteko desberdintasuna areagotu egin da krisia hasi zenetik eta emakumeek hamaika urte gehiago lan egin behar dute gizonen pentsio bera izateko.

Hala ere, Enbeitaren ustez, arazoa sakonagoa da. “Dirua da sistemaren erdigunea eta horrek esan nahi du dirua sortzen duten lanak eta jarduerak direla soilik garrantzistuak”, esan du.

Ikuspuntu horretatik, diputatu subiranistak nabarmendu duenez, gizonen esku egon dira eta daude lan produktibo horiek guztiak. “Historikoki emakumeek egin duten beste lan hori, erreproduktiboa, alegia, periferian kokatu du sistemak berak”, adierazi du.

Horregatik, “bizitza eta gizarte osoaren ongizatea sistemaren erdigunean kokatu beharraz” hitz egingo du datorren asteazkenean Onintza Enbeitak.

“Lan erreforma, abortoarena eta gizarte arloko murrizketa guztiek argi erakusten dute zein den Alderdi Popularrak emakumeari utzi nahi dion tokia” esan du Enbeitak.

@ehbilducongreso