Sabino Cuadra diputatuak adierazi duenez, erregimen frankistari esker bere aberastasun eta pribilegio ekonomikoak mantendu zituen Eliza Katolikoak, orain arteko lana borobilduko du azken urteetan bere izenean jarritako higiezin guztiak legeztatuz.

Diputatuen Kongresuan esan du hori, Higiezinen Katastroaren Legearen erreformaren eztabaidan.

Cuadrak gogoratu duenez, Nafarroan soilik, milatik gora higiezin bere izenean jarri ditu Eliza Katolikoak azken urte hauetan. “Elizak eta bestelako tenpluez gain, nekazal etxeak, ortuak, plazak, orubeak, mahastiak eta frontoi bat jarri ditu bere izenean Eliza Katolikoak. Platerra garbi-garbi utzi arte”, esan du.

Diputatu subiranistak “espoliazio errukigabetzat” jo du operazio hau eta gogoratu du gaur onartuko duten Lege Proiektuak ez dituela Elizak bere izenean jarritako higiezinak indargabetzen.

Bere hitzetan, “jabetza publikoaren azken hamarkadetako espoliazio handienaren” aurrean gaude. “Azken urteetako iruzurrik handiena”, esan du.

@ehbilducongreso