Maite Aristegi diputatuak Espainiako gobernuaren eta Europako Batasunaren nekazal politikak gogor kritikatu ditu. Hain zuzen, milatik gora behiz osaturiko esne-ustiaketa handien kontzentrazio joera salatu du. Bere esanetan, esne sektorea desagertzear dago. “Azken urte hauetan esne-ustiaketen %80 desagertu da”, esan du.

Aristegik nabarmendu duenez, Espainiako gobernuak sektorera bideratu dituen laguntzak ez dute “ezertarako” balio izan eta esnea “noiz, non, nola eta ze preziotan ekoiztu behar den” erabakitzea leporatu die enpresa handiei. “Beste eraso neoliberal baten aurrean gaude”, salatu du.

Diputatu subiranistaren arabera, ezin da Europaren eskuetan utzi merkatuak arautzeko gaitasuna. “Europak merkatuak arautzeko neurri erregulatzaileak sustatzen ez dituen heinean, Euskal Herriak bere neurri propioak kudeatzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu”, esan du. Bere esanetan kudeaketa horrek elikadura burujabetza izan behar du oinarri. “Herri bezala, nekazaritza sektore indartsua izatea oso garrantzitsua da”, esan du Aristegik.

@ehbilducongreso