Iñaki Goioaga gure kide eta senataria inputatzeko Eloy Velasco, Audientzia Nazionaleko epailearen eskaria dela eta, gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu Iñakiri.



Ez da lehen aldia Audientzia Nazionala Iñaki Goioaga inputatzen ahalegintzen dena. Laugarren aldia da hau. Hain zuzen, orain inputatzen ahalegintzen ari diren arrazoiengatik espetxean izan zen Goioaga. Eta epaitu ere egin zuten. Eta libre utzi ere. Hiru aldiz gainera.

Presoekiko elkartasuna kriminalizatu eta laguntza juridikorako duten eskubidea ukatzea da maniobra politiko honen helburua.

Abokatuak, medikuak, psikologoak, senideak eta Herrira bezalako erakunde zibilak salatuak, atxilotuak eta espetxeratuak izan dira.

Espainiako gobernuaren jarrera mendekatzaile eta irrazionalak ez du mugarik.

Alderdi Popularrak behin eta berriz erakutsi du ez dagoela bat ere eroso gaur egungo fase politikoan. Ikuspuntu politiko batetik, erosoago zegoen iraganeko egoeran. Azken lau urte hauetan gertaturikoa ikusirik, nabarmena da iraganera itzultzeko PPren obsesioa. Hasiera hasieratik gatazkaren konponbiderako prozesua zangotrabatzen ahalegindu da Alderdi Popularra.

Azken polizia operazio eta operazio mediatikoak ez dira kasualitatearen ondorio. Datorren astean gatazkaren konponbideari bultzada eman asmoz goi mailako topaketak egingo dira Frantziako Asanblada Nazionalean. Honek, zeharo haserrarazten du Alderdi Popularra. Hau da bere estiloa; joko zikina.

Argi eta garbi esaten diogu Alderdi Popularrari eta Espainiako gobernuari. Duela lau urte hasitako prozesua ez dute zapuztuko. Atxiloketak burutu arren, operazio mediatiko-polizialak egin arren eta sufrimendua areagotu arren, ez dute lortuko.

Guk bakerako euskal bidea aurkeztu dugu. Publikoki aurkeztu gainera. Alderdi Popularra aldiz, berarekin bat ez datozenen aurkako jazarpen politikoa burutzen ari da.

Azkenik, sakabanaketa politikari amaiera eman diezaiola exijitzen diogu Espainiako gobernuari. Eta noski, gaixotasun larriak dituzten presoen eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenen askatasuna aldarrikatzen dugu.

@ehbilducongreso