Argentinako mediku talde batek Audientzia Nazionaleko medikuen kontra jarritako salaketaren harira zein neurri hartuko duen galdetu dio koalizio subiranistak Mariano Rajoyren gobernuari.

Iker Urbina diputatuaren ustez oso garrantzitsua da Munduko Medikuen Elkarteak tortura kasuen aurrean auzitegiko osasun arduradunen “etika falta larria” argudiatuz Argentinako mediku talde horrek jarri duen salaketa aztertzea.

“Hain da nabarmena urte luze hauetan torturaren erabilpena sistematikoa izan dela, nazioarteko medikuak ere izututa agertu dira”, esan du Urbinak. Bere esanetan, “giza eskubideen urraketa hain da larria eta eskandalagarria, laster ala beranduago estatuak bere erantzukizuna onartu beharko duela”.

Prozedura Kriminalaren Legea eta EAJ

Prozedura Kriminalaren Legearen erreformari dagokionez, EAJren jarrera kritikatu du ere bai Iker Urbinak.

“Inkomunikazio egoera ahalbidetzen duen artikulua indargabetzea eskatu ordez, berau aldatzea proposatu du EAJk. 48 ordura murriztu nahi du baina luzatzeko aukera mantenduz. Honek agerian uzten du torturari behin betiko amaiera emateko jeltzaleen konpromiso eza”, esan du Amaiurreko diputatuak.

“Inkomunikazioak tortura ahalbidetzen du eta gogoan izan behar dugu urte luze hauetan neurri hori behin eta berriz aplikatu duela Ertzaintzak. Beraz, EAJk badu zer esan hau guztiaz”, nabarmendu du Urbinak.

@ehbilducongreso