Euskal diputatuaren arabera, “gatazkak ez dira errepresioarekin eta zigorrarekin konpontzen, eta are gutxiago adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko askatasunen murrizketarekin”.

Diputatu subiranistaren ustez, “kopako finalaren inguruan antzezturiko espektakulu faltsua txistualdiaren arrazoiei buruzko hausnarketa sakon batez aldatu beharko lukete”. Bere iritziz, txistuen arrazoietako bat “Estatuak eta bere erakundeek Euskal Herriari eta Kataluniari egiten dizkieten irainak” lirateke. “Garena izaten uzten ez digutelako eta gurte etorkizuna demokratikoki erabakitzen uzten ez digutelako egiten du jendeak txistu”, esan du.

Rafa Larreinaren hitzetan, “gatazkak ez dira errepresioarekin eta zigorrekin konpontzen, eta are gutxiago adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko askatasunak murriztuz. Gatazkak elkarrizketa eta mentalitate demokratikoarekin konpontzen dira”, esan du.

Ildo horretan, Larreinak adierazi duenez, “364 egunez Euskal Herria eta Katalunia ukatzen dutenak ez lirateke eskandalizatu behar bi herri horietako herritarrek euren haserrea era baketsu eta demokratikoan adierazten dutelako”.

Gainera, gai hau “ke-pote” gisa erabili izana leporatu die Larreinak PP eta PSOEri. “Ustelkeriarekin duten harremana, langabezia tasa altua, pobreziaren ugaltzea eta etxegabetzeak estali nahi dituzte”, esan du.

Larreinaren arabera, joan den larunbateko futbol espektakulua “eredugarria” izan zen, bai futbol zelaian eta baita futbol zelaitik kanpora ere. Horregatik, Indarkeriaren Aurkako Batzordea erridikulua egiten ari dela uste du Larreinak. “Egin dezakeen gauzarik onena barregarri geratzeari utzi eta kirolarekin zerikusirik ez duten Gobernuaren aginduak betetzeari uztea da. Ezin badu hori gin, desegin dadila”, esan du Amaiurreko diputatuak.

Borboiko Juan Carlosen abdikazioa

Borboiko Juan Carlosen abdikazioaren lehen urteurrena dela eta, Larreinak adierazi du “guztiak bere horretan jarraitzen duela”. “Irudi aldaketa bat izan da guztia, makillaje hutsa”, esan du, eta Euskal Herriaren errealitate nazionala onartzeko ezer ez egin eta euskal gatazkaren konponbidearen aldeko keinurik ez izatea leporatu dio Larreinak Felipe VI.ari. “Gatazka horren isla da joan den larunbateko txistualdia”, esan du.

@ehbilducongreso