Amaiurreko senatariak asteburu honetan Berlinen egin den Preso Palestinarren Aldeko Europako Konferentzian hartu du parte.

Aiartzarekin batera, Grezia eta Alemaniako parlamentariak izan dira bertan eta baita, Angeles Vallina, Europako Parlamentuko GUE taldeko kidea ere.

Euskal senatariak preso palestinarrekiko elkartasun osoa adierazi du. "470 preso ditugun herri batetik gatozela kontuan harturik, zuen sufrimendua ezagutzen dugu", esan du. "Inkomunikazioa, sakabanketa eta osasun zerbitzurik eza zer diren ondotxo dakigu", gehitu du Aiartzak. Hori bai, adierazi du euskal senatariak, "maitasun olerkiak, maitasun eskutitzak, besarkadak, konpromisoa, elkartasuna eta babesa ere badakigu zer diren".

Ildo horretan, preso palestinarrek nazioarteko legeariaren araberako tratua jaso behar dutela esan du Aiartzak. Izan ere, zehaztu du, indar okupatzaileek preso hartu dituzten pertsonak dira horiek guztiak. "Ginebrako hitzarmena bere osotasunean bete behar da", esan du.

Aiartzak atxiloketa administratiboen amaiera exijitu eta adin nagusiko presoen, gaixo dauden presoen eta ume presoen askatasuna aldarrikatu du.

@ehbilducongreso