Euskal erakunde eta gizartearen borondatearekiko errespetua eskatzen duen Amaiurren mozioan abstenitu egin da EAJ.

Koalizio subiranistaren ekimenak bi puntu ditu. Lehenak, fracking-aren gaian euskal erakundeen eta gizartearen gehiengoaren borondatea errespetatzea eskatzen dio Espainiako gobernuari. Eta bigarrenak, teknika horren aurka azaldu diren estatuko beste lurralde batzuetako gizarteen borondatea ere errespetatzeko eskaria egiten du.



CiU, PSOE, La Izquierda Plural, ERC, BNG, Compromís, Coalición Canaria eta Nueva Canariaren babesa jaso arren, EAJk abstentziora jo du Amaiurren mozioaren bi puntuak "nahasiak" direla argudiatuz. Alderdi Popularrak kontra bozkatu du "gai honetan, herritarren borondateak eskumenik ez duelako".

Alderdi Popularraren hipokresia

Xabier Mikel Errekondoren arabera, "energia enpresa handiei ematen dien laguntzaren proportzio berekoa da PPren hipokresia". Ildo horretan, fracking-ari mesede egin asmoz ingurumen alorreko legeak aldatu izana leporatu dio euskal diputatuak Mariano Rajoyren gobernuari.

Errekondoren esanetan, "energiaren erregulatzailea independientea balitz, gas, argia eta erregaien prezioa merkeagoa litzateke eta pobrezia energetikoa gutxituko genuke".

Diputatu subiranistak fracking-aren arriskuez ohartarazten duten Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuaren txostenak nabarmendu ditu.

"Frogatua dago fracking-a kaltegarria dela airearentzat, urarentzat eta lurrarentzat", esan du.

@ehbilducongreso