Fracking-ari buruz Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako erakundeek hartzen dituzten erabakiak eta euskal gizartearen gehiengoak erabakitzen duena errespeta dezan eskatuz proposamena luzatuko dio Amaiurrek Espainiako gobernuari. Mozio bidez egingo du hori datorren asteazkenean.

Hala ere, erabakitze eskubidea ez da Hego Euskal Herrira soilik mugatuko. Haustura hidraulikoaren aurka azaldu diren estatuko lurralde ezberdinetako gizarteen gehiengoaren borondatea ere errespetatzera dei egin dio koalizio subiranistak Rajoyren gobernuari.

Ekimenaren azalpenean, Iker Urbina diputatuak Estatu Batuetako Geologia zerbitzuak eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak, hurrenez hurren, kaleraturiko fracking-aren kontrako txostenak nabarmentzen ditu. "Uraren kutsadura, airearena, lurrarena eta fracking-a bera praktikan jarri duten lurraldeetako sismikotasunaren handitzea agerikoa da", dio Urbinak.

@ehbilducongreso