Iker Urbina diputatuaren arabera, inondik inora ezin da justifikatu maiatzaren 29rako Diputatuen Kongresuan Euskal Herriko bakearen eta elkarbizitzaren aldeko topaketak debekatuz Kongresuko Mahaiak gaur bertan hartu duen erabakia.

Bere ustez, "erabaki honek ez dio elkarbizitzari inolako ekarpenik egiten". Are gehiago, bere esanetan, "ekimen garrantzitsua zen, gure herrian horrelako ekimen gehiago egiten ari direlako eta Kongresuan bertan egiteak bere garrantzia ere bazuelako biktima ezberdinek euren esperientziak elkartruka zezaketelako".

Ildo horretan, PPren babesik ez duten biktimei hitza ukatzea leporatu dio Urbinak Kongresuko mahaiari. "Erabaki honek ez du inolako justifikaziorik eta ez dio bakeari inolako ekarpenik egiten", esan du.

Gogoan izan dezagun, Mahaiak berak eman ziola oniritzia topaketa horiei.

Alderdi Popularraren aurkezpen karta

Diputatu subiranistak azken egun eta asteetan Euskal Herrian izandako gertaeren baitan kokatu du gaur Kongresuko Mahaiak hartu duen erabakia. Bere ustez, Ertzaintzaren atzoko jarrera bortitza, Herriko Tabernen auziaz Epaitegi Gorena gaur egiten ari den bilera, gazteen aurkako joan den asteko epaiketa eta Guardia Zibila Euskal Herritik sekula ez duela alde egingo esanez joan den astean barne ministroak egin zituen adierazpenak, iraganera salto egiteko Alderdi Popularraren desioaren adibide garbiak dira. "Eta euskal gizartea etorkizunera begira ari da", esan du.

"Ez da kasualitatea. Hauteskunde kanpainan gaude. Hau da Euskal Herriari begira Alderdi Popularraren hauteskundeetako aurkezpen karta", adierazi du.

@ehbilducongreso