Diputatu subiranistak nabarmendu duenez, "funtsean, fracking-arena demokrazia kontua da". Horregatik, Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren borondatea errespeta dezala exijitu dio Espainiako gobernuari.

Urbinak adierazi du "gure bizitzari eragiten dioten alor guztietara hedatu behar dela erabakitze eskubidea; ekonomiara, gizartera, kulturara eta politikara".



Atzo gai berari buruz Rajoyren gobernuari interpelazioa egin ostean, gaur fracking-ari buruzko mozioa aurkeztu du Amaiurrek Espainiako Kongresuan. Besteak beste, haustura hidraulikoaren bidezko erregaien erauzketaren arriskuez ohartarazten duten Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak kaleraturiko txostenak aipatzen ditu euskal koalizioaren mozioak.

Era berean, fracking-aren aurka euskal gizarteak erakutsi duen kontrako jarrera nabarmentzen du Amaiurrek. "Ez soilik kalean, baita erakundeetan ere", esan du Iker Urbinak.

Amaiurren mozioak bi puntu ditu. Lehenak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako erakundeek hartutako erabakiekiko eta bertako herritarren borondatearekiko errespetua adierazi dezala eskatzen dio Espainiako gobernuari. Bigarren puntuak, aldiz, fracking-aren aurka azaldu diren estatuko beste lurraldeetako herritarren gehiengoaren borondatea errespetatzea eskatzen dio Rajoyren gobernuari.

@ehbilducongreso