Fracking-ari buruzko interpelazioa egin dio gaur koalizio subiranistak Espainiako gobernuari.

Iker Urbina diputatuak fracking-aren arriskuez ohartarazten duten Amerikako Estatu Batuetako txosten teknikoak gogoratu ditu. "Ingurumenari eta herritarrei kalte handia egiten dien teknika da fracking-a", esan du. Horregatik, haustura hidraulikoaren apustuan atzera egin dezala eskatu dio PPri.

Urbinaren arabera, "energia eta ekonomia lobbyak dira fracking-a sustatzen ari direnak eta Espainiako gobernuak bidea errazten die". "Elite horiek dira etekina ateratzen dutenak", esan du diputatu arabarrak.

Ildo horretan, multinazional eta enpresa handien interesak defendatu eta herritarrei bizkarra ematea leporatu dio Espainiako gobernuari.

"Funtsean, demokrazia kontua da fracking-aren atzean dagoena. Espainiako gobernuari dagokion bakarra da Euskal Herriko eta Arabako gizartearen gehiengoaren nahia errespetatzea", adierazi du Urbinak.

Bi aste barru koalizio subiranistak fracking-ari buruzko mozioa aurkeztuko du Kongresuan.

@ehbilducongreso