Euskal koalizioak Nafarroako herritarrei ezarritako isun administratiboak bertan behera uzteko galdegingo dio Senatuan Rajoyren gobernuari.

Espainiako gobernuak helegitea aurkeztu eta joan den apirilean Konstituzio Epaitegiak indargabetu zuen Nafarroako hamabosgarren legea dela eta, Sabino Cuadra diputatuak buruz burukoa izango du datorren asteazkenean Alfonso Alonso osasun ministroarekin.

Diputatu nafarrak Alonsori esango dio, bere gobernuak ez dezala euskal herritarrei eta erakundeei soilik dagozkien auzietan eskurik sartu.

Cuadraren arabera, "Alderdi Popularraren gobernuak argi erakutsi du ez diela inolako errespeturik Nafarroako herritarrei, ez Nafarroako erakundeei eta ez demokrazia berari ere".

Bere esanetan, "Espainiako gobernua ez da nor nafarren, bizkaitarren, gipuzkoarren eta arabarren auzi eta arazoetan muturra sartzeko". Horregatik, Nafarroako Parlamentuak hartutako erbakiekiko errespetu osoa eskatuko dio Rajoyren gobernuari.

"Gure erabakitze eskubideari muzin egiten diete eta argi dugu ez dugula inork gure ordez erabakitzerik onartuko, eta are gutxiago, kanpotik ezer inposatzerik", esan du.

Jorge Fernandez Diazi galdera Senatuan

Datorren astearteko Senatuko kontrol saioan aldiz, Nafarroako herritarrei ezarritako isunez galdetuko dio Alberto Unamunzagak Espainiako barne ministroari.

Unamunzagaren arabera, Espainiako gobernuaren helburua "Barcinaren gobernuaren aurka protesta egiten duten herritarrak adminitratiboki eta judizialki itotzea da".

@ehbilducongreso