Iker Urbinak dio Espainiako gobernuak epaitegietara jotzen duela euskal erakundeetan ez duen ordezkaritza politikoaren bidez inposatu ezin duena indarrez ezartzeko.

Giza eskubideen urraketa eta motibazio politikoko indarkeriak sortutako sufrimendu injustoa pairatu duten biktimei babesa ematen dien Euskal Dekretuaren aurka Carlos Urquijok jarritako helegitea Euskadiko Justizia Epaitegi Nagusiak partzialki onartu izana, euskal koalizioaren haserrea piztu du.

Hori dela eta, euskal erakundeen erabakiak noiz errespetatuko dituen galdetu dio idatziz Iker Urbina diputatuak Rajoyren gobernuari. Ildo horretan, Carlos Urquijo, gobernu ordezkariaren bitartez, euskal erakundeen jardueran esku sartzeari utzi diezaiola exijitu dio euskal diputatuak Alderdi Popularraren gobernuari. Eta gauza bera, Nafarroaren kasuan. Izan ere, Carmen Alba gobernu ordezkariak Urquijoren politika bera darama.

Urbinak, bere idatzian gogoratu duenez, 2013ko urriaren 16an giza eskubideen urraketa eta motibazio politikoko indarkeriak sortutako sufrimendu injustoa pairatu duten biktimei babesa ematen dien 107/2012 Euskal Dekretuan aldaketak eginez, 426/2013 Euskal Dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Diputatu subiranistak nabarmendu duenez, "aldaketa hark Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren babesa izan zuen eta hala ere, bere ordezkari politikoen bitartez adierazitako euskal gizartearen gehiengoaren nahia atzera botatzen ahalegindu da Espainiako gobernua". Urbinak salatu du "Urquijoren helegitea ez dela gauza isolatu bat; aitzitik, etengabe ari dela euskal erakundeek hartutako erabakietan esku sartzen". Bere esanetan, "Espainiako gobernuak epaitegietara jotzen du euskal erakundeetan ez duen ordezkaritza politikoaren bidez inposatu ezin duena indarrez ezartzeko".

@ehbilducongreso