Europa eta AEBren arteko merkataritza libreko itunak Herrien burujabetza ez ezik, estatuena ere murriztuko duela argudiatuz, TTIP-aren aurkako bere mozioa defendatu du Amaiurrek.

Horrezaz gain, TTIP-ak herritarrei dakarzkien arriskuez ohartarazi du euskal koalizioak. "Gizarte, produkzio eta ekologia egiturei zuzen zuzenean eraso egiten dien termita da TTIP-a", esan du Aristegik.



Ildo horretan, Europa eta AEB negoziatzen ari diren itun sekretuak "herritarron lan eskubide eta sozialak murriztu eta multinazionalei mesede egingo diela" salatu du diputatu subiranistak. "Aurrean aurkituko duten guztia pribatizatuko dute", esan du.

Bere esanetan, "bankuei eta multinazionalei botere handiagoa eman eta gizarte ezberdintasunak areagotuko ditu itun horrek".

Amaiurrek oso gogor kritikatu du negoziazioen sekretutasuna. Horregatik, herritarren euren borondatea adierazi dezaten Europa mailako erreferenduma egitea proposatu du euskal koalizioak.

ERCk, La Izquierda Pluralek, BNGk, Compromísek, PNVk, CiUk eta Nueva Canariak aldeko botoa iragarri dute. PSOEK, aldiz, lehen lau puntuei baiezkoa emango dien arren, erreferendumaren aukeraren aurka joko du. Gainontzeko talde parlamentarioek Amaiurren mozioaren kontra bozkatuko dute.

@ehbilducongreso