"Estatuek ez ezik, herritarrek ere burujabetza galduko dute", esan du Maite Aristegik. Bere hitzetan, "merkataritza libreko itun honek erabakitze gunea are gehiago aldenduko du gure esparrutik".

Bihar Espainiako Diputatuen Kongresuan eztabaidatu eta bozkatuko den Amaiurren mozioak bost puntu ditu. Garrantzitsuena, Europa mailako erreferendum edo galdeketa proposamena. "Herritarrek, ondo informaturik daudela, zer datorkien jakitun direla, euren borondatea adierazteko aukera izatea nahi dugu", esan du Aristegik.

Horrezaz gain, TTIP-ak kaltetuko dituen alor eta sektore guztietako eragileei informazio osoa igorri eta euren iritzia kontuan har dezala eskatuko dio Amaiurrek Espainiako gobernuari.

Era berean, Kongresuan gai honi buruzko eztabaida monografikoa egitea nahi du euskal koalizioak.

Hirugarren puntu gisa, elikaduran, osasunean, ingurumenean edo eta lan arloko eskubideengan eragina duen akordio txikiena ere Kongresuan bertan eztabaidatu eta bozkatu dadila proposatuko du Amaiurrek.

Azkenik, Gasteiz eta Iruñeako gobernuei informazio osoa igorri eta euren burujabetza kaltetuko duen akordio orori buruzko bi gobernuen iritzia jaso dezala eskatuko dio koalizio subiranistak Madrilgo exekutiboari.

Maite Aristegiren arabera, "estatuek ez ezik, herritarrek ere burujabetza galduko dute". Eta salatu duenez, "merkataritza libreko itun honek erabakitze gunea are gehiago aldenduko du gure esparrutik".

@ehbilducongreso