Magrebeko zenbait komunikabidek argitara emandako informazioaren arabera, Marokoko zazpi goi karguren aurka Pablo Ruz epaileak emandako atxilotze agindua Interpoli ez igortzeko erabakia hartu du Rajoyren gobernuak. Informazio horren arabera, erabaki hori Rabat eta Madrilgo gobernuek adostua izango litzateke bien arteko krisia saihestu asmoz.

Urko Aiartza senatariak informazio hori argitu dezala exijitu dio Espainiako gobernuari. Hain zuzen, 2007an, Nicolas Sarkozy presidente zela Fratziako estatuak gauza bera egin zuen Mehdi Ben Barka auziarekin.

Zazpi goi kargu marokoar horiek 1975 eta 1992 artean Mendebaldeko Saharan genozidioa egiteagatik daude prozesaturik.

Horregatik, euskal koalizioak idatzizko hainbat galdera egin dizkio Rajoyren gobernuari.

Besteak beste, Aiartzak jakin nahi du Interpolek espainiar estatuan duen bulegoak Lyongo egoitza nagusira igorri duen jada Ruz epailearen agindua.

Euskal senatariak gogoratu duenez, Frantziako justizia bila dabilen marokoar torturatzaileak saritu egin ditu Espainiako gobernuak. Are gehiago, epaitegien aginduz Marokora igorri beharreko ikerketa eskariak utzikeriaz kudeatu izana leporatu dio Aiartzak Margallo atzerri ministroari. Bere esanetan, "honek guztiak agerian uzten du gai horiek argitzeko espainiako gobernuaren interesik eza".

@ehbilducongreso