Europa eta AEBren arteko merkataritza librearen akordioari buruzko erreferenduma nahi du Amaiurrek.

Europa eta AEBren arteko merkataritza libreari buruzko akordioa gaitzetsi du Amaiurreko diputatuak. "Gure oinarrizko eskubideak ezabatu ditzakeen urakanaren aurrean gaude", esan du. Are gehiago, bere esanetan, "estatuek burujabetasuna galduko dute multinazionalen mesedetan".



Bere ustez, "indarrean dagoen sistema ekonomikoaren adibide nagusia da TTIP-a; legeak aldatu herritarren aurka jotzeko eta enpresa handien alde egiteko".

Euskal diputatuaren arabera, akordio horrek pribatizazioak sektore eta alor guztietara hedatuko ditu. "Osasun arlora, elikadurara, nekazaritzara, lan mundura, eta baita ingurumenera ere", esan du. Eta adibideak jarri ditu: "Europan 12.000 produktu kimiko debekaturik dauden bitartean, AEBn 12 baino ez dira debekaturik daudenak". Ildo horretan, produktu transgenikoek Europan sarbide zuzena eta arautu gabea izango dutela ohartarazi du Aristegik.

Sekretupeko akordioa

Gehien kritikatu duen ezaugarrietako bat, akordioaren "sekretutasuna" da. "Inork ez daki zer ari diren zehazki negoziatzen", esan du.

"Hain ona baldin bada akordio hau, zertara dator horrenbesteko sekretutasuna? Eta zergatik ezkutatu nahi duzue?" galdetu dio nekazaritza ministroari. Isabel Garcia Tejerinak, bere aldetik, akordioa defendatu du "ekonomiarentzat eta enpleguarentzat ona izango delakoan".

Aristegik, ordea, ministroaren argudioak errefusatu eta Kanada, AEB eta Mexikok 1993an sinaturiko merkataritza libreko akordioak Mexikoko nekazaritzan izan zituen ondorio kaltegarriak gogoratu ditu.

"TTIP-ak kalte handiak eragingo ditu eta Europa izango da galtzaile nagusia", ohartarazi du. Bere esanetan, "estatu kolpe baten aurrean gaude, langileei eginiko xake matea da akordio hau". Horregatik guztiagatik, TTIP-ari buruzko erreferenduma eskatu du Aristegik.

Datorren astean gai berari buruzko mozioa aurkeztuko du Amaiurrek.



@ehbilducongreso