AEB eta Europaren arteko merkataritza askearen gaineko akordioa eta Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Erakundearen Misioaren berritzea izango dira aste honetan Madrilen eztabaidatuko diren gaietako bi.

Bihar, Mendebaldeko Saharaz galdetuko dio koalizio subiranistak Espainiako atzerri ministroari. Hain zuzen, apirilaren bukaeran Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bilera egingo duenean, MINURSOren mandatua luzatu eta giza eskubideen ikuskaritza bere gain hartzearen alde bozkatuko duen galdetuko dio Urko Aiartza senatariak Jose Manuel Garcia Margallo ministroari.

Joan den martxoan PPk eta PSOEk gai berari buruz Amaiurrek aurkezturiko Legez besteko Proposamenaren aurka bozkatu zuten.

Aiartzaren arabera, "Espainiak Mendebaldeko Sahara abandonatu zuela 40 urte betetzen direnean, egoera oso larria bizi dute sahararrek, besteak beste, indar okupatzaile marokoarrek etengabe urratzen dituztelako giza eskubideak". Horregatik, euskal koalizioak "ez du amore emango eta Espainiako gobernuari presio egiten jarraituko du MINURSOk giza eskubideen ikuskaritza bere gain hartzeko bozkatu dezan Rajoyren gobernuak".

AEB eta Europaren arteko merkataritza askearen gaineko akordioa

Asteazkenean berriz, Europa eta AEBn arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Akordio Trasatlantiarrari (TTIP) buruzko interpelazioa egingo dio Maite Aristegi diputatuak Espainiako gobernuari.

Aristegiren arabera akordio honek aurre eikusten dituen arantzalen kentzeak kalte handiak eragingo dizkigu. "Giza eskubideen alorrean, esparru sozialean, ingurumenean, elikaduran, osasungintzan eta lan arloan ere, atzerapausu handiak emango ditugu", dio Amaiurreko diputatuak.

@ehbilducongreso