- Apirilaren 3an Guardia Zibilek jipoitu eta atxilotu zuten gazte oñatiar baten auziaz galdetu dio Amaiurrek Espainiako gobernuari.

- Maite Aristegi: "Euskal Herritik alde egiteko ordua dute Guardia Zibilak, Espainiako poliziak eta armadak"

- Jon Iñarritu: "Euren helburua euskal gizartea ito, kontrolatu eta tenkatzea da".

Nahiz eta lau urte igaro ETAk borroka armatuari behin betiko amaiera eman ziola, espainiar estatuak neurrigabeko polizia kontrolak jartzen segitzen du gure errepide eta mendietan. Herritarrek publikoki salatu duten guardia zibilaren azken erasoa apirilaren 3an gertatu zen Oñatiko Aloña mendiaren basoetan. Amaiurrek jakin nahi du zergatik guardia zibilek prakak kentzeko agindua eman zioten gazte hari, zergatik lurrera bota ondoren bere aurpegia lokatzetan igurtzi zuten eta zergatik atxilotu ostean lurretik arrastaka eraman zuten hainbat puntuko zauria egin arte. Espainiako indar armatuek Euskal Herritik noiz egingo duten alde jakin nahi du ere bai koalizio subiranistak.

Gogora dezagun, hau ez dela gertaera isolatu bat. Iaz, Josu Lizarralde oñatiar gaztea identifikatu eta basora eraman zuten guardia zibilek. Lizarraldek legez kanpoko galdeketa eta tratu iraingarria jasan zituen bertan.

Eusko Jaurlaritzako datuen arabera joan den urtean komunikaturiko hiru milatik gora errepide kontrol ezarri zituen Espainiako barne ministerioak. Nafarroako daturik ez dugu, ordea. Horregatik, apirilaren lehen astean Jon Iñarritu diputatuak kontrol horiei guztiei buruzko datu zehatzak eskatu zizkion Jorge Fernandez Diazek zuzentzen duen ministerioari. Guardia Zibilak eta Espainiako poliziak azken urte hauetan gure errepide sarean zein lurralde osoan jarritako kontrol kopurua jakin nahi du Amaiurrek.

"Egunero ikus ditzakegu gure errepideetan goitik behera armaturik dauden guardia zibil eta poliziak" dio Iñarrituk. Euskal diputatuak gai honi buruzko idatzizko hogeitik gora galdera egin ditu legealdia hasi zenetik eta "PPren gobernuak erantzun bera ematen digula" kexu da. "Nahi duena egiteko legeak ematen dion babesera jotzen du beti Rajoyren gobernuak ezer ez erantzuteko", dio Iñarrituk.

Adibideak ez dira falta. Hainbat saiakeraren ondoren 2014ko abenduan berriz galdetu zuen diputatu subiranistak Hego Euskal Herrian urtero jartzen diren kontrolei buruz. Ohikoa duen "koldarkeria" eta "gezurrekin" erantzun zuen Espainiako gobernuak, baina kasu hartan zertxobait "luzatu" zuen erantzuna: "(...) Los controles de carretera son medidas que se ponen en práctica de forma esporádica, en lugares y por espacios temporales puntuales, en ámbitos de actuación generalmente supracomunitarios (...)". Beste behin ere, Euskal Herrian nahi duena egitera baimentzen dion Espainiako Konstituzioko 148.1.22º eta 149.1.29º artikuluetara jo zuen Rajoyren gobernuak. Eta honela bukatzen zen erantzun hura: "(...) dichos controles se llevan a cabo ante la comisión de hechos delictivos, para la localización y detención de sus autores, o ante situaciones de riesgo que aconsejen extremar determinadas medidas de prevención dentro de dicho marco (...)".

Jon Iñarrituk gogoratu duenez, errepide kontrolak "ETAren aurkako neurri gisa" defendatu zituen barne ministerioak duela gutxi komunikabide bati eskaini zion elkarrizketan. Are gehiago, legealdi honetan 140tik gora euskal herritar atxilotu izanaz harro azaldu zen Fernandez Diaz. "Ez zioena da 140 pertsona horietatik bat bera ere ez zutela errepide kontroletan atxilotu eta gainera, horietako gehienak aske utzi zituztela ondoren", dio Iñarrituk.

Bere esanetan "euskal gizartea itotzea eta kontrolatzea da errepide kontrolen helburua", eta bide batez, "gizartea tenkatzea". Diputatu subiranistak nabarmendu duenez, azken hamarkadetan errepide kontroletan jende andana hil dute segurtasun indarrek.

Iñarrituren aburuz "gure herria Zona Especial Norte izendatu zuteneko garaian bezala maneiatzen du espainiar estatuak". "Lekuz kanpo daude kontrol hauek", dio. Bere iritziz "makroepaiketak, makroatxiloketak eta etengabeko errepide kontrolak ezer aldatu ez den itxura emateko PPren estrategiaren parte baino ez dira".

Gure herriarekiko eta herritarrekiko PPren harrokeriaren beste adibide bat martxoaren hasieran iritsi zitzaigun hamaikagarren erantzuna dugu. Txindokiren magalean Guardia Zibilak jarritako mendiko kontrol bati buruzko galderari erantzun zion barne ministerioak: "(...) Las Fuerzas de Seguridad del Estado realizan cuantos controles e identificaciones son necesarios para proteger el libre ejercicio de los derechos y libertades, garantizar la seguridad ciudadana (...)". "Nola? Mendizaleei enbarazu eginez akaso?", galdetu du Iñarrituk.

"Euskal Herritik alde egiteko ordua dute Guardia Zibilak, Espainiako polizik eta armadak", dio Maite Aristegi diputatuak. Hain zuzen ere, Aristegik gogoratu duenez, Madrilen eginiko galdera batzuei erantzunez 2012an Hego Euskal Herrian 7.753 guardia zibil, polizia eta militar zeudela onartu zuen Espainiako gobernuak.

Legealdi honetan errepide kontrolei buruzko hogeitik gora galdera egin eta hainbat txosten eskatu ditu Amaiurrek Espainiako kongresuan.

Guardia Zibilaren aurka Oñatin gaurko deituta dagoen manifestaziora joateko deia egin die Amaiurrek Deba Goienako herritarrei.

@ehbilducongreso