Azken hilabete hauetako uholdeek eragindako kalteak arintzeko errege lege dekretua babestuko du Amaiurrek, nahiz eta Espainiako gobernuaren politika hidraulikoa gogor kritikatu.



2007ko Europako zuzentarauak agintzen duen kudeaketa plana martxan jarri ez izana gogor salatu du Sabino Cuadra diputatuak. Bere esanetan, "kudeaketa plan hori martxan jarri izan balitz, seguruenera uholdeek eragindako kalteak askoz txikiagoak izango ziratekeen".

Bere hitzetan, "ibaiei ezin zaizkie ateak itxi, izan ere, urtegiak non jarri eztabaidatu gabe, leku zehatza ondo aztertu gabe, ibaian behera dauden lur eta herrietan arazoak sortzen dira".

Cuadraren arabera "dagokion eremua itzuli behar zaio urari, meandroak berreskuratuz eta ubideak berbideratzeari utziz". Ildo horretan, diputatu nafarrak gogor salatu du uraren etengabeko pribatizazioa. "Negozio bihurtzen ari dira guztion ondarea dena", esan du.

Azkenik, errege dekretuaren aldeko boza eman arren, Amaiurren iritziz aurre ikusitako diru laguntzak urriak dira erabat.

@ehbilducongreso