TTIP-ari buruzko eztabaida darama Amaiurrek Espainiako kongresura. Europa eta AEBn artean negoziatzen ari diren akordioaren "sekretuzko izaera" nabarmendu nahi du koalizio subiranbistak. "Edukiekin ere ez gatoz bat", esan du Maite Aristegi diputatuak.

Zehazki, Europa eta AEBn arteko Merkataritza eta Inbertsioen Akordio Atlantiarrak (TTIP) izan ditzakeen ondorio kaltegerriez galdetuko dio Aristegik Espainiako gobernuari.

Diputatu gipuzkoarraren arabera, akordio honek aurre ikusten dituen muga-zergen kentzeak esparru askotan eskubideen "txikitzea" ekarriko du. "Giza eskubideen esparruan, ingurumenarenean, elikadurarenean eta baita osasunarenean ere", esan du Aristegik.

Bere ustez, "TTIP-aren negoziaketak sekretupean egitea eskanadalagarria da eta zerbait larria adosten ari diren seinale ere bada hori".

"Funtsean, konpainia eta talde ekonomiko handi eta pribatuei ateak zabaltzen ari zaizkie, euren garroak askatasun osoz zabaldu ditzaten, botere demokratikoen gainetik bada ere", salatu du Aristegik.

Euskal koalizioak dioenez "Europan ditugun nekazaritza, elikadura eta osasun ereduak arautzeko neurrien desregularizazioa ekarriko du Europa eta AEBn arteko akordio horrek".

Asteazkenean Maite Aristegik eta Isabel García Tejerina, Espainiako nekazaritza eta ingurumen ministroak eztabaida izango dute. Bi aste barru aldiz, gaiari buruzko mozioa eramango du Amaiurrek espainiako kongresura.

@ehbilducongreso