Ekonomia batzordean izandako bileran, Amaiurreko diputatuak "Europa sozialagoa" aldarrikatu du Jyrki Katainen Europako Batzordeko presidente ordearen aurrean. "Europako politikek herritarren zerbitzura egon behar dute eta ez enpresa handi eta finantza erakundeen zerbitzura", esan du.



Ildo horretan, Larreinak Europako politikak zuzentzearen beharra nabarmendu du "merkatuei eta bankuei begira egon baino herritarren zerbitzura egon daitezen". Bere esanetan, gainera, "Alemania bezalako estatu zaharren interesek ez lukete Grezia bezalako estatuetako herritarren gainetik egon behar".

Bere esanetan, "Europako erakundeak demokratizatu behar dira eta Troikak politika horiek erabakitzeari utzi behar die". "Herritarren ordezkariek berreskuratu behar dute zuzendaritza", esan du.

Bukatzeko, Europako Batasuneko barne zabalkundea martxan jar dezatela galdegin dio diputatu abertzaleak Kataineni. "Era horretan, Eskozia, Flandria, Katalunia eta Euskal Herria bezalako herriei aterabidea emateko aukera legoke", nabarmendu du Larreinak.

@ehbilducongreso